Egin jauzi nabigazio-menuetara
EDUKIA
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Bideratzeko Planaren arabera, Orubideren helburu nagusia honako hau da: lurzorua lortzea guztira 8.000 etxebizitza eraikitzeko; horietatik guztietatik 6.000 etxebizitzak 2006-2009 laurtekoan kudeatuta (eraikitzeko prest) egon beharko lukete. Horri jarraiki, lurzorua lortzeko urteko ratioak 2.000 etxebizitzatakoa izan beharko du, eta kudeaketari dagokionez, urtean 1.500 etxebizitzatakoa.

Asmo horiek betez gero, aurreko aldiarekin alderatuta 2.500 etxebizitza gehiago izango lirateke eta horren ondorioz, Orubide Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru-operadore nagusia da, baita Estatuko hirigintza-eragileetako garrantzitsuenetako bat ere. Benetako jarduerarekin bost urte bete ditugu eta nabarmentzeko modukoa da helburu handi horren planifikazioari ekiteko moduan gaudela dagoeneko.
Bestalde, planteamendu orokor hori erdiesteak bigarren mailako helburu bat —baina interesgarria— dakar berekin ezinbestean: EAEko lurzoru-merkatuaren dinamizazioan erreferente izatea; eta asmo hori lortzeko ahaleginari eusten ari gara hasiera-hasieratik. Horretarako, eta gizarte-zerbitzua betetzeko nahiarekin betiere, modu pro-aktiboan laguntzeko asmoa dugu, jende guztiak etxebizitza lortzeko duen eskubide konstituzionala egia bihurtu ahal izateko.
Orubiden, produktuen eta zerbitzuen eskaintza egokitzeko ahalegina egiten ari gara beti, gizartearen premia eta itxaropenetara egokitze aldera, eta helburu horiek bete nahi ditugu, lurzoru urbanizatua ez ezik, aholkularitza ere eskainita etxebizitzarako bizitegi-lurzoruaren eskuraketaren, kudeaketaren, planteamenduaren eta urbanizazioaren alorrean. Horrela, argi geratu da lurzoruaren kudeaketari dagokionez, Administrazio Publikoen premiei berehalako erantzuna emateko gai garela, baita premia horiei aurrea hartzeko ere. Horretaz gain, hiri berriak sortzeko operazioak lehendik badiren hiriak birgaitu eta eraberritzeko operazioekin uztartzeko asmoa dugu, zona degradatuetan jardunak gauzatzea bultzatuz eta Garapen Iraunkorraren alde eginez jardun guztietan.
Halaber, Orubideren jarduerarekin beste helburu bat ere lortu nahi dugu: gure prozesu guztietan praktikan jartzen dugun Berrikuntza eta Iraunkortasunagatiko errekonozimendua. Hori horrela izanik, urbanizatze hutsari balio erantsia eman nahi diogu eta eraikuntzaren sektorean kalitate-sistemak, teknologia berrien sistemak eta iraunkortasun-irizpideak ezartzeari dagokionez, eragile izan.
Premisa horiei jarraiki, I+G+Ba garatzearen alde ari gara lanean, sektorean eta gure negozioan bertan identifikatutako arlo jakin batzuetan —kudeaketarekin eta teknologiarekin loturiko arloetan, alegia— ditugun erronkak gainditzeko beharrezkoak diren ekintzak definituta. Hari berari tiraka, ORUBIDEn lehiakideengandik bereizteko bide berriak bilatzen ari gara, egin beharreko aldaketak eginda, eta gure egungo negozio-eredua aldatzeko ere prest gaude.
Azkenik —baina azkena izanagatik ez du garrantzi txikiagoa—, ORUBIDEren jarduerak denboran iraupena izango duela bermatzeko gutxieneko errentagarritasun ekonomikoa ziurtatu behar da, enpresaren irabazi-marjina komertziala estaliko duena, gutxienekoa hori ere baina ziurra eta iraunkorra izanik. Hori guztia lortzeko, orain arte izan dugun finantza-autonomiari eutsi ahal izatea espero dugu.
ORRI-OINA